XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Beraz, luzaro eztabaidatu ondoren, postu hartatik erretiratzea hobe zela erabaki genduen, eta, basoaren barru-alderago (denbora gehiago hartuaz etsaia haraino iristen zen bitartean) erresistentziako posizio batetan indartsu egin.

Oraingoan ustekabean heuren gainera erortzea komeni zitzaigun, aurrez, asko ginela pentsa-arazi beharrean.

Horretarako, mendebaleko postua deseginik utzi genuen, burruka latz bat egon izan balitz bezala, eta lurrean gurutze batzuk josi genituen, gutako asko erori zirela uste zezaten.

Horrela, basoan sartzen ziren bitartean, barruko bidexkak lehergaiez bete genituen eta tranpa ugari eraiki.

Baina tranparik haundiena bukaeran jarri genien.

Hor menderatzen ez ba genituen, gureak egin zuen.

Basoaren zati trinko batetan sartu zirenean, aurrez ebakiak baina eror ez zitezen ongi eutsiak genduzkan pinu lodi pila bat utzi genituen erortzen heuren gainera, eta, harridura pasa baino lehen, sei toki ezberdinetatik tiroka hasi gintzaizkien.

Etsaiak guztiz erotuak aurkitzen zirenean, nora jo jakin gabe, gutako hiruk ihes-bidea hertsi genien, gutxien uste zutenean ametralladora erabiliaz.

Munizioak bukatzen hasi zitzaizkigunean, konturatu ez zitezen, azken lehergaiak jarri genituen martxan, gelditzen zirenak ihesari eman ziezaiotela lortuaz.

Asko poztu ginen garaipenaz, gure medio urriak kontuan izanik egiazko azaña bat iruditzen bait zitzaigun.

Baina ez zuen luzaro iraun gure pozak, denok beldurrez espero genuen berri iluna artzain batzuen ahotik jakin bait genuen: Bilbo erori zen; Euskadi osoa frankisten eskuetan zegoen beraz.

Dena galdua zegoen, eta gure ahaleginak ez zuen ezertarako balio izan.

Hori ulertu genduenean, denbora luzez gure atzetik ibiliko zirela jakinik, sakabanatu egin ginen.

Batzuk Frantziara aldegin zuten.

Beste batzuk, berriz, beren etxeetara itzuli ziren, borreroen eskuetan erortzeko arriskua haundia zen arren.

Ni, aldiz, hantxe bertan gelditu nintzen. Iratin.

Tokirik seguruena iruditzen zitzaidan.

Hango artzaiei lagunduaz ibiltzen nintzen, goardia frankistak azaltzen ziren arte.

Orduan, basoan izkutatzen nintzen, aurrez kanpamendu nagusi bezala erabilitako zuhaitz gaineko txabolan.

Horrela, artzantzan eta izkutuan, igaro nituen urte batzuk.

Berriro herrira itzuli nintzenean, etxerik eta familiarik gabe aurkitu nintzen, eta etxetxo hau eraiki behar izan nuen hemen.

Ordutik oso gutxi aldatu da nire bizitza, ez bait naiz batere berrizalea eta aldaketen aldekoa,(...).